Desnibola: Zer da garrantzitsuagoa, betirako joaten ari den norbaiten azken begirada ala aurrean duen bere lagunak gordetzen duen emozioz beteriko azken irudia?

[atala erabat guztiz ulertzeko, edo egileak egin duen erara ulertzeko, abesti hau jartzea gomendatzen da irakurtzen duzun bitartean. Eskuratu ezazu abestia, 30 segundu kontatu, eta lasai hasi irakurtzen …]

Uda goizeko eguzkia.

Iraganean, laino gabeko egunetan, zelaietako adiskide beroa.

Etzanda, begiak irekita, sikodeliako koloreak gure zeruan ikusten genituen begiak itxi ondoren.

Udazko urrea, urezko morea, laino argidunak.

Lasaitasuna, maldan bera gure gorputza pirritatuz, geldiro.

Oso geldiro.

Biradun Derbitxeen geldiezinezko konstantziarekin.

Eta dantzari turkiarrei gertatzen zaien bezala, hobeto momentu hauek bakarrik dastatzen ez badituzu. Nire kasuan, anaia gaztea dut maldan behera ere. Ni baino beherago dabil, lasaitasun azkarrez. Beti bezala.

Berak ere amak jasan zuen gaixotasunaren joan etorriak momentu txarrenean bizi izan zituen, eta hasieran pentsatutako izena, Nikolas, lehen hiru hitzetan geratu zen paper ofizialean. Gure elkarrekiko bizitzaren bat-etortze bakarretarikoa.

Haurtzaroan, hori bai, nahiko berdintsuak ginen. Ondoren, bakoitzak bere bidea hartu zuen. Amak kontatu zidan, Asterixen ipuinetan bezala, niri Bach Loreak ematen zizkidala gosaltzeko orduan. NIK anaiari, ordea, marihuana hostoak gehiago gustatzen zitzaizkion.

Gogoratzen naiz nola bost urtekin, askaria hartzeko momentuan, NIKek Kolakao pixkat botatzen zuela mahai gainean eta aiztoarekin lerroak nola egiten zituen, esnea alde batera utziz.

Azkar utzi zuen NIKek gurasoen etxea, naiz eta lehen urteetan etxe barruan bizi. Hala ere, gertu bizi ginen gaur egun. Nik Kaiolan, eta bera Zihurhil-en. Askotan joaten ginen bere herrira parrandak botatzera. Hau, hori, ura, ura ez dena, hango hura eta botila hartako beste hura neurrigabe hartu ondoren gauak egun eta egunak gaua nola aldatzen ziren ikusten genituen herri zoro hartan. Momentu alai eta ero bizi izan genituen elkarrekin, neskak ezagutuz eta neskak ahaztuz.

Baina agur esateko momentua iritsi zen. Derbitxe bat bezala dantzatzen, nahigaberik gabe. Irribarre handi batekin. Iraganari amaiera zoriontsu bat emanez, orainaldi eta geroaldiari merezi duen garrantzia emanez.

Mantsotu nintzen maldan beherako bidean, eta oinak bilduz hantxe bertan eseri nintzen, anaiaren gorpua pixkanaka nigandik nola urruntzen zen ikusiz.

Begiak goraka jarriz, laino gabeko egun hartan, sikodeliazko koloreen bila hasi nintzen, eguzkiari arreta osoa jarriz . “Lasai, oraindik ez dituzu ikusiko”, esan nion neure buruari. ”Baina laster itzuliko dira, beste dirdira berri eta zoragarriekin”.

Akatsak ikusi? Horretarako daude iruzkinak…