Desnibola: Miraria!Miraria!

Auzokideak ados zeuden. Erabat harrigarria izan zen. Inoiz ez zen horrelakorik ikusi. Ezta imajinatu ere…Hamaika zurrumurru entzuten ziren ezkaratzetan. Batak Ama birjina aipatzen zuen. Hori Maria Luixarena izango zen, bera da eliza bere borondatez joaten den bakarra eta.

Besteek estralurtarrak aipatzen zituzten, Oierren semeak aspali erori zen Star Warsen erlijioaren menpe zegoen. Baina erlijioak, ez batak ez besteak, ez du ezer argitzen azken finean.

Han gertatu zena, objetiboki, gutxi gorabehera horrela izan zen: Ostiraleko manifa Hegazkin kaletik gora. “Lutxio askatu, lutxi askatu, lutxinek askatu” garrasiak astunak ziren, gogorrak, kalea mozteko nahikoak.

Erdiko aldean eta Pernando Alonso baino postu gehiago galtzen, makila eta guzti, Lutxiperren amama zegoen. Nahiko ahul, adina eta adina ez denaren eragina sufrituz, bere ilobaren askapena hari fin batekin eskatuz.

Perrek ez zuen ezer egin. Denek esaten zuen esaldia bere kasuan egia zen. Erdaraz ikasteak lanpostua eman zion, non eta Zutaben. Bera zen komunikatuak gaztelaniara itzultzen zuen pertsona. Kideak nahiko ahul zebiltzan hizkuntza horretan (ere), eta berak jartzen zizkien “h”ak “ha explotado” hitzei.

Lutxiperren amonak, bere ahotsa baino tinkoago, oinez jarraitu zuen. Derrepente, kaleko alde batetik, traje beltzez jantzita agertu zirten diskotekako lau erraldoi. Erdian, txikiago, maltzur aurpegiko gizon bata. “Aizu, etorri hona”.

Gorra zen, arimaz eta entzumenez, gure amama, eta bere bidea jarraitu zuen erraldoiak airean hartu arte. Han, izkina batean, euripean, erdiko gizonak galdetu zion “Zer eskatzen duzu, borondate handiko emakumea?”. “Ilobaren askapena, preso dago eta”. “zer egingo zuen ba” “Ezer gutxi, gaztelaniaz ikasi…” Eta tximista kale erdian erori zen momentuan, gizonak hitz magikoak esan zituen. “Kalean nahi al duzu? Hala bedi” .

Soinuak eta argiak jendea etzanda utzi zuen. Eztandek hiru zauritu larri eragin zuten. Amama, ordea, zutik, emozioari eutsiz Atzamar kale-kantoira begira. Negarrez. Ikusi zuen azken eguneko arropekin hantxe agertu zen Lutxiper. Bere eskaera, ahula, benetakoa, zintzoa, egia bihurtu zen.