Egubakoitzak kartzelan egitasmoaren bigarren edizioa

Egubakoitzak kartzelan egitasmoaren arrakasta ikusita, irailerako bigarren edizio bat prestatu dugu. Iraileko ostiral guztietan kontzertu lasaiak izango ditugu kartzela zaharreko kanpo eszenatokian.

Egitaraua hurrengoa da:

Irailak 02:
Civil Love ezizenaren atzean Urko Eizmendi dago, Krilin talde ezagunaren abeslari eta baxujolea. Bakarlari bezala, bertsio ezagunak eta kantu propioak nahasten ditu. Donostiakoa izan arren, urteak dira AEBtan bizi dela eta irailean Euskal Herrira datorrela aprobetxatuz, kartzela zaharreko eszenatokitik pasako da.

Giorgio Bassmatti:

Donostiako folk bakarlari berezi honek urte askotako ibilbidea egin du musikaren munduan, Donut, AMA eta La Orquesta Bávara de Soplos Intermitentes bezelako proiektuetan. Giorgio Bassmattiren bakarkako kontzertuak bereziak izaten dira, emanaldi bakoitzerako kantak asmatu, jo eta ez dituelako inoiz kanta horiek errepikatzen.

Irailak 09:
Zubia zerbait hauskorra da, zubia da aurrena botatzen dena gerra garaietan. Baina batzen gaituen hori ere zubia da, lotura beharrezkoa. Mikelen ahotsa bezala. Itxura batean hauskorra du boza Mikelek, baina guztiz beharrezkoa bilakatzen zaigu, munduarekin adiskidetzen gaituen zilbor-estea baita. Ez du aurkezpenik behar.
Ekaitz:
Irlandako folkaren influentzia ezkutatzen ez duen arren, euskal identitatea eta rockero izaera oso presente daude Ekaitz Aranberriren bertsio eta kanta propioetan. Ubera auzoko bakarlariak saio berezia prestatu du Egubakoitzak kartzelan ekimenerako.
Irailak 23:
Indarra, sentimendua eta sentsazio ona erakusten duen Eibarreko bikote akustikoa kartzela zaharrera itzuliko da Bergaran bertan grabatutako zuzeneko diska berria aurkeztera.
Laudioko Igor Arzuaga ezkutatzen da Mara pertsonaiaren atzean, pianojole trebeak formatu berezi baina oso interesgarria eskaitnzen du. Piano klasikoa eta letra pentsatuak lehen momentutik harrapatzen zaituen emanaldi baterarako.
Irailak 30:
Unai Azkarate oso ezaguna da bere kontzertuak bereziak eta errepikaezinak izateagatik, kantu propioak eta bertsio ezagunen moldaketak egiteaz gain, oso ohikoa du saio bakoitzerako sorpresa bat prestatzea.
Legorretako bakarlariak bihotzetik abestu eta bihotzera heltzen den folk rock-a egiten du, ahaztezina den horietakoa.
Kontzertuak puntual hasiko dira, gaueko 22:00etan eta 3€ko sarrera izango dute guztiek. Bertaratzeko arazoak dutenentzat, kontzertua Txapa Irratiaren bidez emitituko dira zuzenean 97.2 FMko dialean eta streaming bidez www.txapairratia.org atarian.