Saltar al contenido

morau: «Kantuak niretzat botika bezalakoak izan dira, nire analgesikoak»

Andoni Tolosa ‘Morau’-k amak jasandako Alzheimerrari buruzko abestiekin osatu du ‘Egunsentia alperrentzat’ diskoa. Ostiral honetan etxean aurkeztuko du abeslari hernaniarrak

Ez da gai mingarri honi buruz argitaratzen den lehenengo sormen lana. Hor dago, adibidez, Kulunka Antzerki konpainiaren ‘André y Dorine’. Edo, melodien munduan murgilduta, El Drogasen ‘Demasiado tonto en la corteza’ disko hirukoitzaren lehen zatia, ‘Alzheimer’ izenekoa. Gaitza gero eta zabalduago dagoenez, denbora kontua zen euskal musikan horrelako diskoa argitaratzen hastea.

Andoni Tolosa Goikoetxea (Hernani, 1963) izan da egile hori. ‘Morauk’ –hori da bere goitizen artistikoa– erabaki zuen, bakarkako lehen diskoa, ‘Egunsentiak alperrentzat’ izenekoa, bere amaren gaixotasunari buruzkoa izango zela. Hobe esateko, azken hamar urteotako goizeroko ibilaldiak marraztu nahi izan zituen egileak lan berri honetan. «Ez nuen Alzheimerraren gaineko tratatu bat idatzi nahi», adierazi du Tolosak. «Xumeagoa zen asmoa; amarekin hainbat urtetan zehar bizitakoa kontatzea, horretarako goizero ematen genituen paseoak ardatz hartuta».

Abesti-egileak asko mimatu ditu, ironiaz eta samurtasunez beteriko ohiko kantuak. «Beti eduki dut erreparo moduko bat hain gauza intimoak kontatzeko. Baina eragiten didaten gauzekin kantuak egiteko bizio itsusia dut. Horretarako naiz kantugilea, eta alde horretatik bereziki zaindu dut kantuetan erabilitako tonua. Kasu honetan ez zait erraza gertatu; hurbila, zuzena baina ez lazgarriegia, umore apur batez zipriztindua baina egoera tribializatu gabe. Lan izugarria dago hitz, ustez, sinple hauen atzean».

Pixkanaka iritsi da Hernaniko abeslaria une artistiko honetara. Hasieran, nahiko lan eduki zuen egoera berrira egokitzen. «Poliki-poliki hasi nintzen apunteak hartzen, jakin gabe oso ongi zer erabilpen emango nion. Baina, hain indartsuak ziren sentitzen nituenak ez nituela pasatzen utzi nahi». Askotan aipatzen den «egilearen ziztada» sumatu zuen, abestiak egiteko beharra esnatuz buruan. «Uste dut kantu hauetan terapia ariketa handi bat dagoela. Neuk bizitutakoa kontatu nahi nuen. Gero ohartu nintzen, ordea, ariketa horrek asko lagundu ninduela egoerari aurre egiten».

Hiru fase
Grabatzeko moduak, edo lekuak, horrek ere lagundu du. Gezurra dirudien arren, hau izan da lanik goxoena arlo horretan. Behar zuen lasaitasuna aurkitu du abesti egileak Peio Gorrotxategiren estudioan. «Normalean oso latza gertatzen zait diskoaren grabaketa, baina oraingo honetan uste dut lehenengo aldia dela ia-ia disfrutatzen dudana grabatzerakoan».

Guztira 12 abesti – eta oparitxo bat amaieran– dira. 12 urteko ibilbidearen argazkiak, musika eta hitzen aldetik egitura kronologikoa jarraitzen dutenak. Hemen ez da behar orkestra oso bat abestiak jasotzeko. Betiko eta gertuko elementuak, gitarra akustikoa eta, benetan, barrutik atera diren ahotsak erabili ditu musikariak, disko nabarmen hau muntatzeko. «Kantu bakoitza oso lotuta dago une jakinen batekin eta une horren arabera ordenatu ditut. Hiru fasetan bilduko nituzke: beldurra, errutina eta aurkikuntza. Lehenengo kantuak ilunagoak direla iruditzen zait, batez ere hitzak beldurretik idatzita daudelako».

«Oso gutxi kantatzen da gaixotasunen gainean. Uste dut jendartean gertatzen denaren ispilua dela hori»

‘Maleta’ eta diskoa irekitzen duen ‘Alzheimer’ abestiak bi adibide on dira lehen zati hau ezagutzeko. «Prozesuak aurrera egiten duen moduan kantuak argitzen doaz, eta bukaera aldera dira ‘poperoenak’, neure buruarekin lasaiago nenbilelako». ‘Gaixo’ –eta bere Neil Young ukitua–, ‘Irakurgaiak’, ‘Ona’ eta hain ederra den ‘Mina’ abestiak, koka daitezke kategoria distiratsu honetan.

Guztiei, botikarena dirudien pegatina jarri die azalean, diskoaren izenarekin batera «kantuak niretzat botika bezalakoak izan direlako, nire analgesikoak, eta espero dudalako hala izatea beste norbaitentzat». Meheki gure lotsa azalaraziz. «Oso gutxi kantatzen da gaixotasunen gainean. Uste dut, jendartean gertatzen denaren ispilua dela hori. Gaixotasunek pribatuan duten garrantziaren zati txikiena ere ez zaie publikoki aitortzen. Izendatzeak berak kalte egingo baligu bezala».

Lan honen harrera ez da hain isila izan. «Harrituta nago jasotako erantzunarekin. Sekula ez zait gertatu kalean jendea gerturatzea zoriontzeko». Ziur ostiral honetan, Hernanin emango duen kontzertuan, beste hainbeste jasoko duela emanaldi amaieran. «Urduri nago. Ziur naiz entzule bat baino gehiago gurutzatu izan dugula ama eta biok paseoan. Ama eta familia ezagutzen dituen jendea egongo da. Bertigo pixka bat ematen dit. Kantuok bere ekosistema naturalean jasotzeko modua izango da emanaldi hau».

Kontzertua:

Taldeak: Mugaldekoak + Morau.
Lekua: Milagrosa kapera (Hernani).
Eguna: Otsailak 23
Ordua: 22.00etan.
Sarrera: 7,30 euro

Publicado en El Diario Vasco
Publicado enEntrevistas

Sé el primero en comentar

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *